XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erlijiorako erabiltzen zen hizkuntza hori, hau da, georgiera eklesiastiko batua, lehen unetik, Georgian bizi ziren kartveliar leinu ezberdinak (megreliarrak, svaniarrak, kartliarrak...) batzeko nazional oinharria gertatu zen.

Hasieran Biblia eta kondaira hagiografikoak idazteko erabili zen mintzaira hura, laster, erresumaren hizkuntza zibil ofiziala bilakatu zen, kronika poesia eta salerosketak ere horrela azalduz.

Hori dela eta, honez gero etengabeko 15 mende dituen literatur tradizioa sortu da, georgiarren altxor paregabea.

ERLIJIO BURRUKAK

Bere historian zehar, Georgiako Elizak pertsiar, arabiar, mongoliar eta turkoen erasoak pairatu ditu.

Islamismoak ahalegin handia egin zuen bere fedea sartzeko baina georgiarrek, oro har, ez zuten hura onhartu.

Gaur, Turkia eta Pertsiapean dauden kartveliar populazioez kanpo, Georgiako Errepublikan, hego-mendebaldeko eskualde ttiki batetan izan ezik (Adzaria-n) ez dago georgiar musulmanik.

Joan den mendearen hasieran, 1801.ean, Errusiako tsarrak, Georgia turko eta pertsiarren erasoetatik gordetzeko atxakiaz, bere agintepera ekarri zuen.

Autogobernua kenduz joan ahala tsarismoak, Moskuko Elizaren fabore georgiar Elizaren autonomia desegin zuen.

Urriko Sovietar Iraultzaren ondoan, aldiz, georgiar Elizak berriro ere bere lehengo independentzia lortu zuen, bere katholikos eta guzti.

Orain arteko patriarka zaharra, georgiar lagunek kondatzen zidatenez, pertsona atzerazale eta geldoa omen zen.

Baina haren heriotzaz geroko katholikos berria, ordea, aurrerazale eta nitxieri katzi buru argikoa zen.

Eta arrazoia.

Iliak bere oraingo postura etorri arte, mendebal Europan egon zen, estudioak egiten, eta guztiek aitortzen dute Moskuko patriarka bera baino pertsona ikasiagoa dela.

Georgiarren harrotasuna, beraz, ongi oinharritua zen.

GEORGIAKO ELIZAREN LANAK

Ilia Meorek, neronek georgierazko Bibliaren berri galdetzean, hauxe azaldu zidan.

V mendeko lehen itzulpen hura, hizkuntzalarientzat ezin baliotsuagoa bada ere, hamabost mende geroagoko Herriarentzat oso ulergarriago bat, baina jatorrizko textuetatik, tamalez, aski urrundua.

Beharrezkoa zen, hortaz, beste itzulpen bat, hebraiera, aramaiera eta grekotik zuzenki egina, georgierazko Biblia zaharraren textua, noski, kontutan harturik.

Lan handi hau egiteko, baina, espezialista on asko behar ziren, eta georgiar Elizak ez zeukan arlo guztiotan apez gerturik.

Hori dela eta, Katholikosek Georgiako Unibertsitateetako irakasle eta azterlariengana jo zuen, jakintsu horiekin elkarlanean, itzulpen zehatz eta jatorra lortzeko.

Portaera zabal horren aurrean zera etorri zitzaidan burura, Euskal Herriko Elizak bere liturgi itzulpenak egiterakoan erabili duen exklusibismoa, hainbeste arlotan guztiok dakizkigun ondorio ez hain atseginak ekarri dizkiguna.

Bibliaren itzulpenaz landa, Georgiako Elizak urtero egutegiak, otoitz liburuak, ikono eta sainduen irudiak, liturgiarako gaiak (kandelak, etab.) egiten ditu, Georgiako Elizaren Historiaz, musika eklesiastikoaz, eliza eta katedraleei buruzko arkitektur eta arte monografia ederrak eginez.

Ilia Meorek Euskal Herriko erlijio egoeraz galdera batzu egin zizkidan, interes haundiz.

Euskaltzaindiko burua, Luis Villasante fraidea zala jakin eraztean, berarentzat bere argazki dedikatua eman zidan, eta enetzat zenbait oroitgarri.

GEORGIAKO MONASTEGIAK

Georgiar eliz arkitektura eta artea oso aberatsa da, eta Georgiatik kanpoan ere haren eragina nabari daiteke.

Hor daude Palestinako monastegi ugariak (Jerusalem, Sinai...), Konstantinopoliseko Romana deritzona (868-886. urteetan egina), Athos mendikoa Grezian (979.eran fundatua), Petritsoikoa Bulgarian (1.083.ekoa).

Hauen arteko bat, oso aipagarria, Djavari-koa da hots, Jerusalemen dagoen bat, komunzki Gurutzearen monastegia deitua.

Komentu horretako freskoen artean Xotha Rusthaveli, XII mendeko georgiar poeta nazionalaren irudi kontserbatu bakarra dago,1976.ean Imanol Berriatuak eta biok, Israelen egon ginenean bisitatzeko era ukan genuena.

Hauez gain, jakina, ba dira beste monumentu asko Georgian bertan, Herri horren behialako urrezko iraganaren seinale: Svetitzjhoveli, Djavari, Gelathi, Vardzia eta Alaverdi-ko eliza ederrak, kasu.

Georgiako gobernu sovietarrak eliza guztiok zaintzeko eta konpontzeko ardura berezia dauka, nazional ondaretzat harturik.

Elizkizunek, dena dela, segitu egiten dute gehienetan, batzu, populaziorik ezaz abandonaturik, museo bihurtuak izan arren.

Eliza askotan, gainera, mosaiko eta fresko harrigarriak kontserbatzen dira, bai eta harri landuak ere.

Tbilisiko museoetan bestalde urre zilar eta harri preziatuzko gurutze, kaliz eta ikonoak mirets daitezke, bai eta liburu azalak ere, denak ezin ederragoak.

Esmalteak, aldiz, sasoi hartako onenak izan omen ziren Byzanziokoei inbidiarik ez zietenak.

Tbilisiko eskueskribuen liburutegian, azkenik, hortxe daude, aire girotuz eta neurri onez seguraturik, georgiar fraideen konta ezinezko lanak, asko, gainera, miniatura zoragarriez apainduak.

ERLIJIOA GAUR

Gure egunotan, stalinismoaren lehen garaiko erasoaren ondoan, Georgiako Eliza bakean dago.

Estatuak ez dio inolako oztoporik jartzen.

Erlijio kontuan georgiarrek, osterantzeko sovietarren antzera, askatasun osoa dute nahiago duten kultua praktikatzeko.

Tbilisin, Georgiako hiriburua halegia, juduen sinagoga bat bisitatu genuen, eta Azerbaidzaneko musulmanentzat meskita bat ere ba da.

Oro har, herritarrek Eliza errespetuz begiratzen dutela esan daiteke eta fededun ez direnek ez dute horregatik erlijioz burlarik egiten.

Kusioski, berauen artean halako fetitxismo gisako zerbait nabari da, Jainkogabe izan arren, kristau dominak erosi egiten baitituzte apaingarri eta amuletutzat.

Haurrak bataiatzeko ohitura aski zabaldua da, nahiz eta, egia aitortzeko, berau senideen arteko oturuntza bat egiteko atxakia besterik ez izan; askotan behintzat.

Han ere, toki gehientsuetan legez, Eliza nolabaiteko krisisean dagoela esan daiteke.

Hain supituki heldu diren denbora eta aldakuntzetara moldatzeko krisisean, baina fedeak iraun dirau.

Komunista batek, oso pertsona ikasi eta zentzuduna bera, honela ziostan: Adiskide Xabier ez, Eliza eta erlijioa ez dira berez inoiz hilko.

Eta indarrez are guttiago.

Jainkoa, guztiena ez bada ere, gizon askoren premia bide da.

Nik ez dakit zein dagoen zuzen eta zein oker, fededuna ala fedegabea.

Agian ni, agian haik.

Dena den, sinestea aukera pertsonala da eta giza eskubide ezin ukatuzkoa, erabat errespetagarria.

Ilia Meore, Georgia osoaren katholikos gaztea.

Mtzjheta: Samtavro-ko eliza (XI mendekoa).